Berriakrss

Joanmari Larrarte: “Enpresako edozein kudeaketa arloz euskaraz aritzeak izan behar du sare honen ekarpena”
Enpresarean

Joanmari Larrarte: “Enpresako edozein kudeaketa arloz euskaraz aritzeak izan behar du sare honen ekarpena”

2018-03-28 - Enpresarean

JOANMARI LARRARTE


Komunikazioa, kultura eta euskararen irudia dugu Joanmari Larrarte, Elkar Fundazioaren komunikazio eta kultur arloko zuzendaria. Euskal Herriko negozio ereduak ondo ezagutzen ditu, eta hezkuntzan (AEK) zein hedabideetan (Egunkaria-Berria) ere ibilia izan da. Euskaraz lan egiten du eta bere erronketako bat da euskarazko kalitatezko edukiak sortzea, eskaintzea eta kontsumitzea, egunerokotasunean eta maila profesionalean. Bai Euskarari Elkartearekin harreman estua du Elkarreko profesionalak, batez ere, azken hilabeteotan. Izan ere, bere lagun eta lankide diren Joxemari Sorsek eta Jon Jakak jaso baitzuten Bai Euskarari Saria 2017an, eta Enpresarean Foro bat ere eskaini zuten, Elkar Fundazioko ibilbideari eta negozio erronka berriei buruz hitz egiteko. Enpresarean.eus webgunea berrituta, berarekin egon nahi izan dugu proiektuari buruz duen iritzia jakiteko.

Kultura, komunikazioa eta negozioa. Euskarak zein leku hartzen du hiru mundu amaigabe horietan?

Nork bere izaerari ez badio uko egin nahi, bere inguruan txertatuta bizi nahi badu eta bere komunitateari ekarpena egin nahi badio, inguruarekin txertatuta bizitzea ezinbestekoa da. Euskal Herrian euskaratik aparte bizitzea, edo euskara bizitzako eremu jakin batera mugatzea ulertezina egiten zait niri. Horrenbestez, euskara zentrala da denean.

Enpresa munduan kokaturik, zein da hizkuntzaren erabileraren balioa, eta bata edo bestea hautatzearen garrantzia?

Enpresa munduan etengabe entzuten dugu gaur egun mundura zabalik egin behar dela lan. Horregatik ez dute erabaki inguruko enpresak ingelesez bakarrik funtzionatzea, espainieraz edo frantsesez ere funtzionatzen dute. Alegia, munduan funtzionatzeko ez da nahikoa ingelesa baliatzea, nork eutsi egiten dio bere izaerari, eta horretarako ohiko hizkuntza baliatzen du, ez du bere izaera baztertzen. Hori kontuan hartuta, Euskal Herriko enpresetan euskaraz funtzionatzea, eta euskara balioan jartzea oso garrantzitsua da, zure inguruarekin lotzeko bidea delako. Ez dugu ahaztu behar euskarari Euskal Herrian eutsi behar diogula, eta ezin da alboratu horretan enpresek ere duten erantzukizuna. Erantzukizuna guztiona da.

Euskal Herrian euskaratik aparte bizitzea, edo euskara bizitzako eremu jakin batera mugatzea ulertezina egiten zait

Atzera begira eta etorkizuna aurrean izanik, nola baloratzen duzu egun bizi dugun errealitatea?

Euskara gehiago hartzen da karga gisa, gauza naturala baino. Urratsak egiten ari gara euskara lan munduan sartzeko, lana ere euskaraz egiteko –euskaraz bizitzea lanean ere euskaraz egitea baita–, baina oraindik asko dugu egiteko.

Euskaraz lan egin dezagun, zer egin beharko genuke? Orokorrean, gizarte gisa? Eta enpresa moduan?

Maila politikoan hartzen diren neurriak beti dira urriak, euskarari ez zaio zentraltasunik ematen, eta planteatzen den edozein neurri edo arau mugatzen da euskaldunon euskaraz bizitzeko eskubidera. Horrenbestez, gizarte mailan egingo den lana ezinbestekoa da.  Euskaraz bizitzea ez dago euskaldunon baitan, askotan esaten denaren kontra, baina euskaldunok ahaldundu ezean, ez dugu lortuko gizartea aktibatzea neurriak har daitezen, euskaraz naturaltasunez biziko garen egoerara iristeko. Beraz, euskaldunok euskara baliatu behar dugu euskaraz bizitzea errealitate bihurtzeko eta ingurukoak euskara bideratzeko, kalean zein lan munduan.

Erdaraz funtzionatzen duten enpresa asko dagoenez, enpresako edozein kudeaketa arloz euskaraz aritzeak izan behar du sare honen ekarpena.

Nola aurkeztuko zenuke Enpresarean egitasmoa? Zer eskaini diezaioke enpresa edo-eta profesionalari?

Euskaraz funtzionatzen duten eta funtzionatu nahi duten enpresen arteko sarea da, ez derrigorrez enpresaren euskalduntzeaz hitz egiteko, baizik eta enpresa jardueraz euskaraz aritzeko. Euskaraz aritzea natural bihurtu eta euskaldunak ahalduntzeko tresna da.

Zergatik parte-hartu euskal enpresen sarean? Zein onura nabarmenduko zenuke?

Enpresa mundua oso erdalduna da, eta euskaraz egitea eremu askotan arrotz egiten da. Euskaraz funtzionatuko duen enpresen sarean parte hartzeak bide ematen du enpresaren funtzionamenduko edozertaz euskaraz normaltasunez aritzeko, eta hori lagungarria da, gero bakoitzak bere enpresan euskaraz funtziona dezan. Horrek berak lagun dezake ahalduntze bidean.

Euskaraz aritzea natural bihurtu eta euskaldunak ahalduntzeko tresna da.

Etorkizunera begira, Enpresarean bezalako egitasmo batek zein ekarpen eta onura eskaini diezaioke profesionalen sareari?

Euskaraz naturaltasunez aritzeko aukera eman behar du Enpresarean sareak. Kontua ez da enpresen euskalduntzeaz aritzea euskaraz, baizik eta gainontzeko gai guztiez, euskaraz aritzea enpresa eta profesionalen artean. Batez ere erdaraz funtzionatzen duten enpresa asko dagoenez, enpresako edozein kudeaketa arloz euskaraz aritzeak izan behar du sare honen ekarpena.

Enpresarean Azoka 2018 iristear dagoela, nor ikusi nahiko zenuke bertan? Zein gai plazaratuko zenuke?

Aurreko puntuan esandako bidetik egungo enpresen eta profesionalen beharretara egokitutako edozein gai, enpresa euskalduntzearen gaia bigarren mailara eramanda. Edozein gairi buruz euskaraz hitz egingo den neurrian, euskalduntzean urrats handiak egingo ditugu.

Hizkuntzaren gaia lantzekotan, interesgarria izan daiteke ikustea euskaraz funtzionatzen duten enpresek, nola egiten duten beren jarduera ez erdalduntzeko, baldin eta taldeko enpresak badituzte Euskal Herritik kanpo.