Berriakrss

HETELen txosten batek agerian jarri du industriaren alorreko prestakuntza zikloetako bere ikasleek ia % 100eko laneratze tasa dutela
Lanbide Heziketa

HETELen txosten batek agerian jarri du industriaren alorreko prestakuntza zikloetako bere ikasleek ia % 100eko laneratze tasa dutela

2018-02-13 - Enpresarean

Txostenak argi eta garbi erakusten du, industriaren sektoreko prestakuntza zikloetan, laneratze tasa ia % 100ekoa dela. Prestakuntza ziklo guztietan, berriz, batez besteko laneratze tasa % 80koa da, ikasketak amaitu eta sei hilabetetara. Laneratze tasa errealari dagokionez, honako hauek dira ehunekorik handiena duten zikloak: robotika, fabrikazio mekanikoa, soldadura eta galdaragintza, eraikuntza metalikoak, mikroinformatika sistemak eta sareak, energia eraginkortasuna eta eguzkiaren energia, mekatronika industriala, garraioa eta logistika, eraikuntza proiektuak, arotzeria eta altzarigintza, eta erizaintzako zaintza osagarriak, horiek guztiek % 85etik gorako lan munduko laneratze tasa baitute.

Txostenak eskaintzen duen beste datu interesgarri bat da graduatu diren ikasleen % 82k beren prestakuntzarekin bat datorren enplegu batean lan egiten dutela.

Nolanahi ere, txostenak aurreko urteetako joera irmoa berresten du, eta industriaren alorreko zikloek emakumeen ehuneko minimoa islatzen jarraitzen dute. Hala, industria ikastaro bat egitea aukeratzen duten emakumeen ehunekoa % 6 edo % 7 ingurukoa da. “Ehuneko hori geldirik mantendu da azken 10 urteetan”, azaldu du Julen Elgetak, HETELeko lehendakariak.

Ziklo batzuetan emakumezkoen hegemonia nagusitu arren −estetika eta edertasuna, ile apainketa, jarduera komertzialak (% 100), dekoraziorako laguntza (% 95), laborategi klinikoa eta biomedikoa (% 88) edo administrazio kudeaketa (% 84)−, beste ziklo batzuetan, emakumezkoen presentzia anekdota hutsa da, eta hori kezkatzeko moduko gaia da, horiek baitira enplegu indizerik handiena duten zikloak.

Era berean, Euskal Lanbide Heziketa Dualak enplegua bilatzeko orduan duen eraginkortasuna azpimarratu du azterketak. Inkestatik argi eta garbi ondoriozta dezakegu, ia prestakuntza ziklo guztietan, kasuan kasuko modalitatea amaitu eta sei hilabetetara, lan munduko txertaketa nabarmen handiagoa dela gainerako ikasleen batez bestekoa baino.

 

Iturria: www.hetel.eus