Berriakrss

KoopFabrika, ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekonomia soziala sustatzeko programaren bigarren edizioa hasiko da urtarrilaren 17an
Hitzaldia

KoopFabrika, ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekonomia soziala sustatzeko programaren bigarren edizioa hasiko da urtarrilaren 17an

2017-12-14 - Enpresarean

 

KoopFabrika ekintzailetza sozialerako programa da. 2017an Ekonomia Sozial
Eraldatzaileko 30 proiekturen sorreran eta kontsolidazioan bidelaguntza eskaini
ondoren, 2018ko izen-ematea irekita dago. Kooperatibak edota proiektu
komunitario eraldatzaileak martxan jarri nahi dituzten pertsona eta taldeei
formakuntza, tresna praktikoak, elkarlan sarea eta proiektuen jarraipena eskainiko
ditu. Gipuzkoa osoko proiektuek dute izena emateko aukera. 2018an lau eskualdetan
eskainiko ditugu lan espazioak: Debagoienan, Beterri-Buruntzan, Oarsoaldean
eta Bidasoa-Txingudin, tokian tokiko instituzio eta Ekonomia Sozial Eraldatzaileko
eragile lokalen inplikazioarekin.

Hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:

• Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak.
• Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era
batera antolatu nahi duten taldeak.
• Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko
asmoa dutenak.

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako
tresnen erabilpenean trebatu, eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei
tutoretza eskainiko zaie garapen eta saretzerako.

Programan parte hartzea doakoa da baina plaza mugatuak daude. Datozen
asteetan parte-hartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da. Horregatik dei egin nahi
diegu proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei
formazio eta saretzerako tresna izan nahi duen Koopfabrikan izen ematera
koopfabrika.eus webgunean.

Proiektua LANKI Ikertegia eta Olatukoop Interkooperazioa eta Ekonomia
Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen elkarlanetik sortu da. Bere garapenean
parte hartu dute Beterri-Buruntza udalek, Debagoienako Garapen Agentziak,
Bidasoako eragileak, Oarsoaldea eta Debagoiena garapen agentziak, Bagara
Herrigintzan kooperatibak eta EHUko GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide
Kooperatiboaren Institutuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin.
Twitter, Facebook eta Instagramen ere proiektuaren egunerokoaren berri izateko
aukera izango dute interesatuek. Gaiaz luze eta sakonago aritzeko jarri gurekin
kontaktuan:

Beñat Irasuegi - Tel. 943 013 297
komunikazioa@koopfabrika.eus
koopfabrika.eus/