Berriakrss

Euskaltasunaren finantzazioa
Enpresarean azoka

Euskaltasunaren finantzazioa

2016-11-18 - Enpresarean

ENPRESAREAN AZOKA - IRITZIA

IMANOL ESNAOLA

GAINDEGIA

 

Ekonomia diruari errentagarritasun finantzarioa ateratzea baino gehiago da. Horren oinarrizkoa dirudien printzipio horrek ordea jarraitzaile gutxi du baliabide finantzarioak metatzen dituztenen artean. Izan ere, ekonomiaren finantzarizazioa bizi dugun gariotan, badirudi hobe dela meta handiak osatu nahian dabiltzan funtsa eta baloreetan inbertitzea jarduera ekonomiko “lokaletan” inbertitzea baino, oinarrizko jarduerak finantzatzea baino hazkunde aukera handienekoekin saiatzea.

Euskal jarduera lokala diogunean gauza asko ari gara batera aipatzen. Labur beharrez, euskal geografiaren luze zabalean aktibitatea eragiteko konpromisoa izateaz gain, hurbileko ekonomiarekin lotutako jarduerak ditugula gogoan, industrialak bezala kulturalak, linguistikoak, komunikatiboak, hezkuntza mailakoak, agroalimentarioak… Euskal komunitatea geroratzeko zutabe nagusiaz.

Euskaraz edo “euskaltasunean”  jarduteko xedea duen enpresa oro “txikira” jokatzen duela dioen estigma bere gainetik kendu ezinik ibiliko da. Zer esanik ez, delako  “euskal” organizazio hori euskal kultur sistemako parte izateko bada (irakaskuntza, hedabideak, kultur sorkuntza eta hedapena, diseinua…). Berdin piperrak ontziratuz euskal merkatuan kokatu nahi badu. Aurreiritzi jakobino eta supremazista bat besterik ez bada ere, ongi errotuta dago ekonomia lokalarekiko gutxiespena eragile ekonomikoen artean. “Euskaltasunak” ez du dirurik ematen baliabide finantzario handiak kudeatzen dituztenentzat. 

Hego Euskal Herrian Madrilgo gobernuak aurrezki kutxen pribatizazioa agindu zuenetik are gaitzago jarri da egoera, xede sozial eta konpromiso nazional oro desagertzen ari delako eta bertan erabakiguneak dituen finantzazio institutu publikorik ez dagoelako . Enpresa bat sortu eta finantzazio bila abiatzen den orok topo egiten du ICO delakoarekin hegoaldean (Instituto de Credito Oficial). Baina ICO zerbait baldin bada, Madrilgo instituzio bat da, Madrilen erabakitzen diren irizpideak aplikatzen dituena Madrildik. 

Elkargik eta Oinarrik bat egin dutenetik badirudi bertako finantzazio tresnak indartu direla, baina ez dezagun ahantzi, kapital arriskuko elkarte horiek bermea ematen dutela entitate finantzarioen aurrean. Entitate pribatuak direla, bere bazkideek (beste enpresek) sortuak eta bere erabakiguneetan bazkideen beharrei erantzutera jarriak daudela batez ere, eta bereziki, baliatutako dirua ahalik zein errentagarritasunik handiena eman dezaketenei begira dagoela. Beraz, hemen ere oztopoa bikoitza da.

Erakunde publikoek enpresak sortzeagatik, ideia eraginkorrak izateagatik edo bazkidetzan langileen parte hartzea handitzeagatik laguntzak eta erraztasunak ematen dituzte. Bai, baina hori besterik ez dira, pizgarriak, ez finantzazioa.

Euskal ekonomia sustatzea errentagarritasun finantzarioa baino zerbait gehiago dela uste duen finantzazio sistema publiko edo soziala sortzea ezinbestekoa da. Behar hau ez da berria eta horren aldeko adierazpenak entzuten ari gara instituzioetatik. Ari da zerbait mugitzen. Sistema horrek, ordea, arreta berezia jarri behar luke euskal jarduera ekonomikoak sustatzen, maila lokala duten jarduerak, mozkin handiak ez, baina enplegua sortzen dutenak, euskal kultur sistemako jardueren ekonomia barne (ez espezializazio inteligenteari eta eskalako ekonomiari lotutakoak bakarrik). Horrela eta horrela bakarrik hasiko gara ekonomia lokala, euskaltasunean hazi nahi duena ere bai, beste oinarri finantzario batean kokatzen. Gero gerokoak.

 
Aldizkari osoa hemen irakur dezakezu: ikus aldizkaria.