Berriakrss

Lan errentei egin die kalte krisiaren enbatak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

2015-05-27 - Enpresarean

Norbanakoen errenta osoa %2,2 jaitsi da 2011 eta 2013 bitartean, baina batez besteko lan errentak %4,2 erori dira. Emakumeen errenta gizonena baino %40 txikiagoa da, 10.000 euro gutxiago urtea

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleak pobretu ditu krisiak. Errenta pertsonalari eta familiartekoari buruz egiten den inkestak, lehen aldiz, eskura dagoen errentaren jaitsiera orokorra islatu du 2011. eta 2013. urteen artean. 2009. eta 2011. urteen artean eutsi ondoren, gainbehera ekonomikoak arrastoa utzi du neurketan. Jaitsierak, bereziki, lan errentei egin die kalte, murrizketa handiago batekin. Eustaten datuek errenta banaketari buruzko argazki interesgarria osatzen dute, alor askotan.

 

2015-05-27 / Ivan Santamaria


 

 

ERRENTA, BEHERA

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen batez besteko errenta orokorra 19.286 eurokoa da. Kopuru horretan eskuratutako diru guztia sartuta dago, errenta gordina, azken finean. Aurreko bi urtekoarekin alderatuz, %2,2 gutxiago da. Herrialdeei dagokionez, jaitsiera txikiena Bizkaiak izan du (%1), eta handiena Arabak (%3,9). Erdibidean dago Gipuzkoa, bi urtetan %3,2 galduta. Hori bai, Gipuzkoak du oraindik ere pertsonako errenta orokor handiena, 20.396 eurorekin.

LAN ERRENTAK, SUFRITZEN

Errentaren elementu nagusia lan etekinak dira. Hamar eurotik sei beharraren truke jasotzen dituzte EAEko biztanleek. Etekin horiek murrizketa handiagoa izan dute krisiaren ondorioz, gainera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan lan errenten batez bestekoa %4,2 erori da, eta 12.358 euroan geratu. Erorketarik esanguratsuena Arabak izan du, %6,4 galduta. Bizkaian %3,7 jaitsi da batez besteko lan errenta, eta Gipuzkoan, %4.

Jaitsiera hori transferentziek arindu dute, neurri bateraino. Pentsioek eta gizarte laguntza nagusiek osatzen dituzte transferentziak, eta errenta osoaren laurden bat inguru dira honezkero. 2011. eta 2013. urteen artean transferentzien ekarpena %6,3 handitu da, batez beste. 2009. urtearekin alderatuz, igo da transferentzien batez besteko errenta biztanleko.

ERRENTARIK GABEKOAK

Inkestaren arabera, 18 urtetik goako biztanleen %86,5ek eskuratzen dute errenta motaren bat. 1,6 milioi lagun dira, guztira. Horrek esan nahi du populazio helduaren ,5ek ez dutela inolako soldatarik, pentsiorik edo laguntzarik jasotzen. Aurretik egin diren inkesten pareko emaitza da.

Hamar lagunetik sei batez besteko errentaren azpitik daude, kopuru horretan inolako ordainik ez dutenak aintzat hartuta. Aldiz, populazioaren ,3k batez besteko errentaren halako bi edo gehiago eskuratzen dute. Populazioaren %0,8k 100.000 eurotik gorako errenta dute.

EMAKUMEAK, OSO AZPITIK

Generoen arteko aldeari buruz ere datu aski argigarriak eman ditu azterketak. Emakumeek duten batez besteko errenta pertsonala 14.526 euro da, gizonena baino 10.000 euro txikiagoa. Hau da, %40 gutxiago. Alde handia da, baina 2011. urtean zegoena apur bat murriztu du — %42 izan zen orduan —.

Segida historiko guztiari erreparatuta, tarte horrek murrizteko joera du. Erritmoa oso motela da, ordea. Hamar urte lehenago tarte hori %53 zen, esaterako.

BANAKETA GEOGRAFIKOA

Eustaten inkestak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriak sailkatu ditu, pertsonako eta familiako batez besteko errentaren arabera. Biztanleko diru sarrerak aintzat hartuta, errentarik handienak Bizkaiko herri txikietan kokatzen dira, batez ere. Orain dela bi urte bezala, Laukizen dago batez besteko errentarik handiena: 28.834 euro. Atzetik daude Garai, Sukarrieta eta Murueta. Herri handien artetik Getxo da lehenbizikoa, seigarren postuan. Bizkaikoa ez den lehen udalerria zazpigarrena da, Arratzua-Ubarrundia, Arabako Lautadan.

Ifrentzua errentarik txikienak dituzten udalerriak dira. Batez ere, Arabako Errioxan kokatzen dira horiek. Errentarik txikiena Navaridasek du, 10.108 eurorekin. Laukizekin alderatuz, 18.000 euro gutxiago dira batez besteko errentan. Navaridasen ondoren Bilar, Eskuernaga, Lantziego eta Mainueta daude. Horien artean sartuta, hirugarren tokian, Enkarterrietako udalerri bat: Lanestosa.

HIRIBURU DESOREKATUAK

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuen datuak ere bildu ditu Eustatek. Donostiak du batez besteko errenta pertsonal handiena, 22.260 eurorekin. Bilbon eta Gasteizen baino gehiago da. Hiruretan egin du behera errentak 2011tik 2013ra. Gasteizen, inon baino gehiago, %4,2.

Hirien barruan dagoen errenta banaketetan auzo aberatsenen eta txiroenen artean dauden desoreka handiak ere agerian utzi ditu inkestak. Gasteizen hiru hiriburuetako auzo aberatsena dago, Mendizorrotza inguruan. Batez besteko errenta 36.265 euro da. Hiriko auzorik txiroenak, Aranak, 14.142 euro ditu. Hau da, 22.000 euro gutxiago. Bilbon Abandok du batez besteko errentarik handiena —32.930 euro—, eta Iturrigorrik txikiena —9.965 euro—. Azkenik, Donostian errentarik handiena du Miramon-Zorroagak 30.425 eurorekin. Kontrako aldean Altza dago, 15.690 eurorekin.

FAMILIEN ERRENTA

Familiei dagokionez, batez besteko errenta 40.179 euro izan da 2013. urtean. 2011. urteko emaitzarekin alderatuz, %4,8 gutxiago. Errenta pertsonalak izandako murrizketari familien tamainaren jaitsiera gehitzen zaio.

www.berria.eus/paperekoa/1753/014/001/2015-05-27/lan_errentei_egin_die_kalte_krisiaren_enbatak_araba_bizkai_eta_gipuzkoan.htm