2014-01-15 - Enpresarean
Datorren urtarrilaren 24an, Matilde Grünhage-Monettiren esperientziak eta metodologia ezagutzeko aukera izango dugu, Banaiz Bagara Elkarteak eta Nazaret Zentroak Donostian (Kutxazabalen) antolatutako mintegian.
Azken hamar urteotan lan munduan gertatu diren aldaketek, lantokiko komunikazio-beharretan eta hizkuntza gaitasunean eragin al dute? Europako Kontseiluak sustatutako proiektuen bitartez, gai hori aztertzen eta lantzen ari da aspalditik Matilde Grünhage-Monetti– lantokiko trebakuntzan –Workplace Learning- aditua den alemaniar-italiarra.
Horrela bada, lanean ari diren pertsonei, bereziki migratzaileei, aukera-berdintasuna bermatzen zaie hizkuntza-gaitasunaren hobekuntzaren bidez. Era berean, komunikazio-hobekuntzaren bitartez, enpresaren edo instituzioaren emaitzak hobetzea ahalbidetzen da. Horrenbestez, proiektu honen berrikuntza nagusietako bat da lanaren bitartez lantokian bertan ikasi ahal izatea, pertsonen gaitasuna eta benetako beharrak abiapuntutzat hartuz.